Back

BATERA, ELKARRENGANDIK IKASIZ

Gure ikastetxea bizileku garrantzitsua da haurrentzat; anitza, goxoa, segurua eta desberdina. Horren adibide dira, hainbat arratsaldetan Haur Hezkuntzan antolatzen diren maila desberdinen arteko inguruneak. Gelak zabaldu eta adin desberdinetako haurrek hainbat tailer (sormen artistikoa, eraikuntzak, yoga, mundu txikiak, jolas sinbolikoa…) izaten dituzte aukeran, beren interesen arabera askatasunez erabaki eta parte hartzeko.

Ekimena benetan berezia egiten duena haurren artean modu naturalean sortzen den elkarrekintza behatzea da. Txikiek nagusiei adi behatzen diete eta haiek imitatuz ikasten dute; nagusiek, aldiz, txikiak lagundu eta zaintzeko ardura hartzen dute, euren konfiantza indartuz. Adin aniztasunak, maila bereko geletan ohikoak ez diren rolak eta lankidetza bultzatzen ditu.

Hezitzaileontzat benetako plazera da arratsalde hauetan behatzaile izatea eta gure ikasleak komunitate txiki batean nola hazten diren ikustea. Jolasa eta harremana oinarri hartuta, elkarbizitza osasuntsu eta solidario bat eraikitzen jarraitzen dugu eskolan.