Euskaraldia gainean dugu, eta honekin batera euskal giroa gehiago berotzen hasteko gogoratzen dizuegu aurtengoan La Salle San Luis ikastetxea Arigune izango dela.
Iazko Euskaraldian ikastetxean Ahoak eta Belarriak oso prest izan genituen jarduera eta dinamika ezberdinetan parte hartuz, baina oraingoan erronka berria onartu dugu: ARIGUNE.
Zer da ARIGUNE izatea?
Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan. Hala, bi motako ariguneak bereizten ditugu:
- Barne-ariguneak:
Eguneroko dinamikan ikastetxean lan egiten duen orok gutixenez euskara ulertzeko gaitasuna izango dute. Gure barne arigune honetan talde ezberdinak egongo dira, eta beraien hizkuntza-ohiturak hobetzeko aurrera pausoak emango dira. Bertako kide bakoitzak aho bizi edo belarri prest bezala parte hartuko duelarik.
- Kanpo-ariguneak:
Entitatean herritarrekiko harreman-espazioetan dauden pertsonek osatzen dute kanpo-arigunea, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute. Horrelako espazioak izango dira jendaurreko edo harrera postuak, supermerkatuetako kutxak, telefono bidezko arreten arduradunak, tabernariak edo dendariak, besteak beste.