San Luis La Salle ikastetxeak IZARTXO aisialdi taldearen proiektua proposatzen du ikastetxean eskaintzen den heziketa integralaren osagarri gisa. Aisialdi talde bat da eta bertan guztiok hartzen dugu parte: lehen hezkuntzako ikasleek eta baita, monitoreek, irakasleek eta familiek ere.
Hedabideek, kontsumismoak eta Internetek sekulako indarra eta eragina dute gaur egungo gizartean. Horren aurrean Izartxok bestelako gune bat eskaintzen du; bertan haurrek eta gazteek kritikoak izaten ikasten dute, eta baita euren kabuz erabakiak hartzen ere. Horrela, euren etorkizunari begira helburu batzuk ezarri eta konpromisoak euren gain hartu ahal izango dituzte.
Entretenimendua eta ongi pasatzea ezinbesteko osagaiak dira taldean, eta denbora asko eskaintzen diogu horri. Haurrek jolas egiten ikasi behar dute, baina ez horretan bakarrik. Hori dela eta, La Salle ikastetxe guztietan oinarrizkoak diren balioak ere lantzen ditugu: ardura, sormena eta bizikidetza, besteak beste.
Eta ezin dugu ahaztu ongi pasatuz ikasten jarraitzen duten bitartean, guztia euskaraz egiten dugula. Haur eta gaztetxoei euskaraz aritu ahal izateko testuinguru berri bat eskaintzen diegu.
Egin ezazu proba eta etor zaitez, ziur ez zaizula damutuko! Haurrek, gazteek eta helduek esperientzia bikainak bizi ahal izango dituzue familia giro paregabean!